SOTOKO BERRIAK


Belaunaldien arteko transmisioa, Irulegiko mahastietan

«Lurra ez da enea, ni naiz lurrarena...»

21/08/2018

Erranaldi hori ez da nik asmatua. Gure kooperatibako kide den mahastizain bati ikasi nion, eta Euskal Herrian hain inportantea den transmisioa ederki laburbiltzen du.

Hemen, transmisioa aipatzean, maila andana batean aipatzen dut: lurrarena, laborantzarena eta mahastizaintzarena, jakitearena eta baloreena.

Zeren, Euskal Herrian, hori baita oinarria: lurra ez da saltzen, transmititzen da.

Garazi-Baigorriko eskualdean, non bizi baigira, Etxea biziki inportantea da.

Hemengo etxeek arkitektura berezia dute, bertze nehon ikusten ez dena. Etxaldeetako etxe nagusien inguruan, lursail ttipiak badira, mendian barreiatuak. Beren jabeek dituzte lur horiek lantzen.

Garazi-Baigorrin, beraz, etxea munta handienekoa da eta transmisioa familian baizik ez da egiten ahal.

Ondorioz, laborantza edo mahastiak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Ez du hainbeste inporta premuak har dezan ala ez, baina familian egon behar da.

Irulegiko arnoa mendiko mahastikoa da. Deitura hain da berezia, mahastizaintza «pixka bat» eskolan ikasten baita, baina, batez ere, lekuan berean lan eginez. Urte batetik bertzerat, mahastiek ez dute sekula berdin ihardukitzen, mahats motaren, orientazioaren, higrometria-tasaren, eguzkiaren eta lurraren arabera.

Beraz, mahasti bakotxaren berezitasunen arabera, lana gehien bat familian ikasten da, burasoen eta aitatxi-amatxiren eskutik, urtez urte. Historia bat, kultura bat eta hizkuntza bat ere lantzen dira, egun guziz ikasten segituz.

Eta, kooperatibako kidea izateko xantza baduzularik, bigarren familia bat bezala osatzen da. Laneko «familia» horri esker, trukeak egiten ahal dira, esperientzien lekukotasunak partekatzen ahal dira, eta horrek, uzta txarra baldin bada, gogo-bihotzak berotzen ditu, mahastizainari aitzinatzen eta ikasten segitzeko bidea emanez.

Familia hain balios horiek mahastizaintzaren segida hartzeko gogoa ematen dute; hor dira, zer gerta ere, eta fedea transmititzen dute. Mahats mota horien lantzeko behar diren zorroztasunaren balioa, abnegazioa eta umiltasuna ematen dute, kalitatea beti eta beti lehenetsiz.

Zeren dena transmisio istorio bat baita.

Hemen, lurra ez da norbaitena. Gu gira lurrarenak.

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.