SOTOKO BERRIAK


Irulegiko Sotoa

Uztail erdian, Irulegiko Sotoak bere salmenta eremu berriko ateak irekiko dauzkizu!

26/06/2018

Gure saltegi berriaren irekitzea atsegin haundiz jakinarazten dauzugu!

Eginkizun hori desafioz betea zen. Hortaz harro gira!

Alabainan, oraingo saltegia 80ko hamarkadan sortu zen.

Historia pixka bat:

Hastapenean, Berria esne kooperatibarekin elkarlanean egin genuen. Berriak ardi, behi eta ahuntz esnea biltzen du, Onetik gasnategiarendako.

Beraz, elkarlan horrek Baigorriko esne ekoizleak lagundu zituen.

Eta ez da batere harritzekoa arnoa eta esnea leku berean saltzen baldin badira.

Batez ere Irulegiko arnoa eta gasna ontsa onduak baldin badira.

Hara gosea pizten zaidala. Zuri ez?

Nahiz eta, 2005ean, saltegia berritua izan, dena berriz pentsatu beharra zen, gure bezeroen eskaera aldatu baita.

Bainan zendako hain sakonki berritu?

Lehenik, gure sotoaren erdian sartua izanen zen saltegi bat ukan nahi genuen, nun arno egiteko eta ontzeko lanak ezagutaraziko baitziren. Inportantea iduri zitzaukun bezeroek jakin zezaten arnoa egina zen lekuan berean zirela.

Kooperatiba lan guzia ere agerian eman nahi genuen, bereziki arno egileena, egun guziz lan bikaina egiten baitute.

Azkenik, ez genuen saltegi «sinple» bat ukan nahi, bizi leku bat baizik, nun gure bezeroek esperientzia sentsorial oso bat bizi ahal izanen baitzuten.

Baina, batez ere, norbait ezagutu genuen. Usaiaz kanpoko pertsona horietarik bat.

Ametsak egiten dituen, argiarekin eta emozioekin jostatzen den, magia sortzen duen norbait.

Jean-Paul HAURE bere lan munduan ezaguna den eszenografoa da.

Duela urte bat ezagutu genuelarik, ez zen batere segur gure proiektuak interesatuko zuela.

Gure eskualdekoa izanki, guregana jin zen hala ere. Intuizio bati esker.

Eta ulertu du. Ulertu du zeren beharra eta gogoa genuen eta guhaurk pentsatu genuena baino urrunago eraman gaitu, molde naturalean. Argi eta garbi.

Beraz, horra. Gure eremu berria xeheki pentsatua izan da, artoski eta zorrozki.

Sortu dugu, nondik heldu giren oroituz eta lanbide maitagarri hori zertarako egiten dugun gogoan atxikiz.

Sortu dugu, gure mundua zuek ere parteka dezazuen.

Bistan dena, Irulegiko Sotoko gure arnoak atxemanen dituzu, Onetik euskal gasnak, bai eta hemengo beste produktu batzuk ere.

Bi bideogune eta haurrendako bereziki pentsatu gune bat atxemanen dituzu. Haurren xoko hortan, mahatsari loti jokoak izanen dira.

Hemengo ekoizleekin antolatu dastaketetan eta animazioetan parte hartzen ahalko duzu.

Saltegi hori 5 zentzumenak piztuko dituen ibilbide baten gisa pentsatua izan da, dupategia eta barriken soto bat ikusteko parada ere emanez.

Eta, uztail erditsuan, ofizialki irekiko dugu!

Beraz, gure buxon ttipiak ikusten baldin badituzu, zure bidean alaiki agerian emanik, zato gure ikustera.

Esperientzia ederra hitzematen dauzugu.

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.