SOTOKO BERRIAK


Irulegiko arnoaren egitea

Irulegiko arnoa ezagutzen ote duzu?

27/03/2018

Hobeki erranen dut: «Irulegiko arnoa ONGI ezagutzen ote duzu?»
Nire galdea ez da interesik gabekoa. Zeren gure lurraldeko arnoa, artoski eta pazientziaz egin dugun hori, azkenean, guti ezagutua baita. Eta, batzuetan, ez aski maitatua.
Ezin zitut hola ezjakintasunean gehiago utzi!
Utz iezadazu argitzera.

Irudimen kolektiboan, Irulegi, usu, arno beltzari lotzen zako.
Lehenik, atseginekin ikasiko duzue Irulegiko arnoa, arno beltza izateaz gain, zuria edo gorria ere izan daitekeela.

Nola osatua da?

Arno beltzak eta gorriak mahats mota beltzetarik heldu dira.
Arno zuriak mahats mota zurietarik heldu dira.
Orain arte, dena ontsa.

Beltzaren kasuan, hiru mahats mota badira: bordeles beltza, axeria eta axeri haundia.
Bordeles beltza, taninoz aberatsa, Frantziaren hego-mendebaldean baizik ez da agertzen.
Bazenekien? Pascual Harriague-k zuen bordeles beltza Uruguain sartu, eta hango mahats nagusi bilakatu zen.
Eta norbaitek uste baldin badu axeria Bordeletik heldu dela, ez pentsa! Egiazki, Hego Euskal Herriko mahats mota endemikoa da!
Konpostelako beilariek zuten Frantziaren hego-mendebaldera ekarri.
Azkenik, axeri haundia kasik mundu guzian dagoen mahats mota da. Axeriaren eta sauvignon zuriaren arteko nahasketatik heldu da.
Irulegiko Soto kideen lurretan, oro har, proportzio horietan lantzen dira: % 60 bordeles beltza, % 30 axeria, eta % 10 axeri haundia.

Zuriaren kasuan, berdin da! Hiru mahats motaz osatua da:
Izkiriota eta izkiriota ttipia, Pirinioen behereko mendixketatik heldu direnak, bai eta xuri zerratu ttipia, Pirinioetako bertako mahats mota dena.

Zergatik nahasi mahats motak? Hori da galdera!

Sinpleki, Jatorri Deitura Kontrolatuaren baldintzen bildumak hala erabaki baitu, 70eko hamarkadan. Jatorri Deitura Kontrolatu hori artoski segitzen dugu.
Irulegi sormarkak, beraz, mahats mota desberdinez osatu arnoak egiterat behartzen gaitu, mahats mota bakarreko arnoak egiteko partez.
Bistan dena, mota bakarreko arnoak egin ditzakegu, baina orduan ez lirateke gehiago sormarkakoak.

Nola eginak dira gure arnoak?

Hasteko, urrats inportante bat aipatuko dauzuet. Mahastizaintzan ez da biziki hedatua, eta oraino gutiago soto kooperatiboetan.

Alabaina, erabakitzeko zein lursailek duen gorria eginen, edo zein den kesetan bilduko, eta zein dupatan ezarriko den, etab..., bi egun mahatsa bildu baino lehenago, kide bakoitzak lagin adierazgarri bat ekartzen du kooperatibarat, bere lursail bakoitzetik.
Gero, mahats biltzeen batzordeak (ikus kooperatibaren historiari buruzko artikulua; dena esplikatzen du) lursail guzietako mahats pikorrak dastatzen ditu, itsuki: lehenik mamia, gero haziak eta, azkenik, azala. Urrats hortan, notazio bat finkatzen da; erabakigarri da geroko arnoaren kalitatearendako.

Gero, mahats guziak sotorat heldu direlarik, motaka errezibitzen dira, bai eta notazio horren arabera. Mahats mota bakoitza multzo berean. Nahasketarik ez... mementoko.

Gorriaren egiteko, mahatsak heldu orduko zapatzen dira. Gero dupetan ezarriko dira.
Artetik errateko, bazenekien arnoaren kolorea gehienik azaletik heldu dela eta, azkenean, mamiak eragin guti duela kolorean?
Beraz, ez, ez dugu arno beltza eta arno zuria nahasten arno gorriaren egiteko! Zer ideia!
Gure Irulegiko arnoei kolore arrosa bizi hori ematen diena, gure mahats mota nagusia da, bordeles beltza. Honek, hastapenetik, mami koloretsua du.

Alderantziz, arno  beltzak bere hondarreko kolorea har dezan, mahatsak ez dira berehala zapatzen. Heltzean, dupetan ezarriko dira eta 15 egunen eta 3 asteren arteko epe batez han egonen dira, azalak eta haziek jusari beren propietate guziak eman arte.
Gero, jus hori zapatzen da eta dupan berriz ezartzen.

Bi kasuetan (gorria eta beltza), hartzidura hasiko da, erran nahi baita azukrea alkohol bilakatuko dela. Jusak dupetan egonen dira, hartzidura alkoholikoa bururatu arte.

Zurientzat, gorrientzat bezalako prozedura da. Mahatsak heltzean, berehala zapatzen dira, jusa dupan ezartzen da eta hartzidura alkoholikoa egin arte igurikatzen da.

Ez dut nehor galdu? Ederki. Orduan, segitzen dut!

Zer gertatzen da, gero?

Hiru kolore horien hartziduraren ondotik, «sukaldari lanetan» ariko gira, zeren, lehenago erran dugun bezala, Irulegiko arnoa mahats mota desberdinez osatua baita.

Beraz, dupa guziak dastatuko ditugu, maratoi itxurako egun batez. Hortan, enologo-aholkulari batek lagunduko gitu eta kontseiluak emanen dauzkigu: enologo hori Eric Boissenot da.
Eta nor den badakitenek konprenituko dute aholku BIZIKI ONAK baditugula.

Egun horren helburua da arno bakotxaren tipikotasunaren atxikitzea, urtez urte, jakinez «urteko» eragina ere badela: zenbat eguzki, urteko eguraldiaren eragina, euria, etab...

Gaitzeko lana da!

Osaketa egiten da dupa batekoa eta bertzekoa proportzio desberdinetan nahasiz.

Hola, egun horren bukaeran, ezagutzen dituzuen etiketak dituzten arnoak eginak izanen ditugu: Lehia eta Xuri (zuria), Omenaldi eta Gorri (beltza), Argi (gorria) Kattalingorri (beltza eta gorria) eta Mignaberry (beltza, gorria, zuria).

Gero, etiketen arabera eta erdietsi nahi ditugun arnoen tipikotasunaren arabera, arno horietarik batzuk haritzezko barriketan onduak izanen dira, hainbat hilabetez, eta bertzeek dupetan ontzen segituko dute.

Larrazkeneko mahats biltzeetako gorriak eta zuriak negu hondarrean edo udaberri hastapenean saltzen hasiko gira, baina beltzek denbora gehiago behar dute ontzeko; beraz, mahatsa bildu eta bizpahiru urteren buruan aterako dira.
Zeren beltza pazientziazko lana baita.

Arnoak prest izanen direlarik, paketatzen dituen taldeak botiletan eta kartoietan ezarriko ditu eta gero Frantzian eta munduan barna igorriko!

Hara, dena badakizu!
Ez duzu gehiago arrazoirik, gure arnoen ez dastatzeko!
Zure beha gira, irriñoa ezpainetan, eta beti arno horien ezagutarazteko gogoarekin, horietaz harro baikira!

 

A.S

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.