SOTOKO BERRIAK


irulegi zuri elkarketa

Zer jan Irulegi zuri batekin?

08/10/2020

Ezin baztertuak diren elkarketez gain, ez da aise zure jakiari egokien zaion arnoaren atzematea. Alta, elkarketa perfektua atzemateak ahalegintzea merezi du, bateratze onak zure sukaldaritza hozka bat gorago ematen baitu. Oreka hauskorra da, baina elkarketa kausituz, jakiek eta arnoak elkar goratzen dute eta beren aberastasun guziak elkarrekin agertzen dituzte.

Elkarketa alorreko abenturazale bat izan ala klasikoak nahiago ukan, hautu zabala baduzu. Pettoen saihesteko, ideia batzuk proposatzen dizkizugu, zure gomiten harritzeko, Irulegi zuri bat mahaian ezarriz, sartzetik deserta arte.

 

Deiturako arno zuriak biziki preziatuak dira, gaur egun. Hego-Mendebaldeko mahats tipikoak diren Izkiriota, Izkiriota Ttipia eta Xuri Zerratu Ttipiaren bateratzeak gure arnoei oreka bat ematen die, zaporeen konplexutasunaren eta freskotasunaren artean. Nahiz eta urte bakotxeko arnoa berezia den, ezaugarri batzuk Irulegi zuri guzietan agertzen dira. 

«Sormarkako kristala iduriko lurren garbitasun minerala Irulegi zurien marka bilakatu da» zioen 2015eko Frantziako Sotozaintzako Langile Hoberenaren titulua irabazi zuen Romain Iltis-ek, RVF aldizkarian, 2019an. Alabaina, Irulegi zuriak arno idorrak dira, aroma bizikoak, azidotasun eta ahoko luzetasun ederrak dituztenak. Gaztetan, arno horien ezaugarri dira fruitu exotikoen aromak, bereziki anana eta zitrikoenak. Zahartzean, eta ontzean ere, konplexutasuna irabazten dute: lore zurien aireak, ezti izpiak, espezia izpiak eta berdin boilur izpiak garatzen dituzte, arno zaharretan. Beren konplexutasun aromatikoak, tentsio naturalak eta finezia sotilak Irulegi zuriei ahalbidetzen diete jaki fin andana bat laguntzea, bai gazituak, bai azukretsuak.

 

Xuri: Fruitu exotiko aireak dituen arno horrek zure gomitak loriatuko ditu bere indar aromatikoarekin eta aho zabalarekin. Bere aroma indartsuek jaki azkarrekin elkartzea ahalbidetzen dute, adibidez amuarrain errearekin edo barazki eta curryarekin. Arno horrekin bikain ateratzeko, saltsan sukaldatu hegaztiki suprema batekin elkar ezazu. Arrakasta segurtatua da. Azkenik, gasnarekin ausart zaitez! Betiko arno beltz – gasna multzotik urrun, Xurik harrituko zaitu Ossau-Irati edo Comté baten ondoan.

Lehia: Haren aho krematsuei eta fruitu aireei esker, Lehia arno EGOKIENA da jaki handiekin edateko. Nahiz eta arno zuri idorra den, gibel gizenarekin zoragarriki joaten da, bere egitura leunari eta trinkoari esker. Onddoekilako risottoarekin edo erromes maskor erreekin batera ezazu: zure gomitek biziki preziatuko dute bestako apairu batean. Desertaren aldetik, Lehia azukre guti duten jakiekin ontsa elkartzen da. Gomendatzen dizugu fruitu exotikoekin prestatu pavlova batekin, apairua freskotasun izpi batez bukatzeko gisan.

Kattalin zuria: Arno zuri BIO horrek bukaera aromatiko eta gazi zaporetsua eskaintzen du. Itsaskiak edo sushiak ongi elkartuko dira Kattalin zuri batekin, non izpi iododunek zure mihia inguratuko baitute. Sartzearen aldetik, izkira eta arabisagar entsalada bat edo barazkiz fartzitu raviole-ak zoragarriki lagunduko ditu. Azkenik, gasnak ere lagun ditu, ardi gasna fresko batekin edo Chavignol gasna pikor batekin preziatzen baita.

Mignaberry zuria: Haren azidotasunak eta freskotasunak oreka dotorea ematen diote arno zuri honi. Bere gorenera helduko da arrain freskoarekin, hala nola izokin ceviche batekin eta tartariar saltsarekilako bisigu (arrosel) batekin, edo haragi zuri puska batekin, hala nola hegaztiki izter hezurgabetu batekin. Afari hondarrean, Mignaberryk bere aroma guziak agertuko ditu fruitu entsalada batekin, azido-freskotasunaren eta zitriko izpien artean.

 

Beraz, Irulegi zuria arno hauta da zure jakiak agerian eman behar direlarik. Afari osoan laguntzen ahalko zaitu, zuri dagokizu elkarketa perfektuaren atzematea!

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.