SOTOKO BERRIAK


ibilbide-gormanta-irulegi

Piknik ibarrean

13/05/2019

Ezin izan dut hautatu.

 

Baigorrin dagoen IRULEGIKO SOTOTIK atera berri naiz; arno gorri botila zenbait erosi ditut. Erran behar dut kontseilu onak eman dizkidatela. Martinek, Ekik eta Peiok arnoen ezaugarri guziak presentatu dizkidate, dastatu nahi nuenari egokituz.

 

Beraz, Kattalingorri izeneko arno gorri biologikoa hartu dut; errubi kolore polita du. Malgua da, zinezko freskotasun aromatiko batekin, eta leuntasuna badu, azidotasun neurtu puntu batekin. Oreka eder horrek ene haur denborako Arlequin gozokiak oroitarazten dizkit.

 

Horrez gain, Mignaberry botila batzuk ere hartu ditut. Arno gorri idorra da, izokin kolore distiratsua duena. Uxterra eta gormanta da, fruitua eta lorea bateratzen ditu, ñabardura batzuekin. Erliebe ederra duen arnoa da.

 

Badakit atsegin hartuko dudala!

 

Baina denbora guti dugu, hain segur ene beha dira jadanik, eta jaki batzuk erosi behar ditut oraino, dena bikain izan dadin.

 

Baigorrin naizeno, eskuz egin gozoki batzuk erosiko ditut LAIA txokolategian. Olivier Casenave txokolategileak kakao bihia lantzen duen manerari esker, paregabeko eta hauta bilakatzen da. Badakit kalitateari ematen diola lehentasuna. Ez naiz sekula dezepzionatua, eta mokofinak kontent izanen dira. Apairu goxo bat txokolate pralinatu edo ganatxe zakutxo baten bidez bukatzea baino hoberik badea? Horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak, aitortzen dut.

 

Gero, abiatzen naiz. Makeara joan behar dut, iparrera buruz. Paisaia ederrak dira, aro honekin. Plazer bat da ONETIK gasnategira joatea. Ardi, behi eta ahuntz hazkuntza-eremuaren bihotzean izanki, gasnategiaren laneko jakitateak segurtatzen dit gasna gustudunak, zaporetsuak eta finak ukanen ditudala. Beraz, ardi gasna eder bat hautatzen dut, luzaz dudatu... eta dastatu ondoan.

 

Itzultzean, Ortzaizen gelditzen naiz ARNABAR etxean. Baigorriren eta Donibane Garaziren artean finkatua da; famatua da, belaunaldiz belaunaldi egiten duten lanari esker. Gibel gizen gustudun eta fina hartzen dut, urineko ahateki eder bat, eta axoa, bistan dena. Manex zerriarekin egin Txomin pate bat ere hartzen dut. Biziki bizia da, ez dut ahotik uzten ahal.

 

Azkenik, Bankara noa. Michel Goicoecheak eta bere familiak BANKAko arraintegia atxikitzen dute. Intuizio bati esker eraikia izan zen, Harpea iturriak XVII. mendeaz geroz elikatzen duen eiheraren lekuan. Herrialde osoko amuarrain hoberena ekoizten du. Mami fineko amuarraina da, familia baten pasioaren fruitua. Beren ingurukoek ere ederki laguntzen dituzte, betidanik. Arrainzaleendako, amuarrain keztatua eta amuarrain gantxigorra erosi dut. Ogi freskoa zabaldurik janen dugu.

 

Ogia! Ahantzi nuen.

 

Fite, Baigorrira itzultzen naiz, Ramuntxo IRASTORZAren okindegira (hiru belaunaldi okin direla, familian); Ramuntxok Euskal Herriko bageta hoberenaren saria irabazi du. Bageta kurruskari eta zaporetsuak erosten ditut.

 

Hara, prest naiz.

 

Azkenean, Irulegira heldu naiz, kasik tenoreko.

 

Bidexkan gora joaten naiz eta, ene aitzinean, Irulegiko mahastiak ikusten ditut, eguzkipean. Leku hortan, bihotza fitexeago abian zait, aldi oro.

 

Atzematen ditut. Denak han dira, ene beha, XII. mendeko kapera ttipiko murru gainean jarririk, ibarra bistan dutela.

 

Ongi etorri beroa, beti bezala. Momentu hori elkarrekin parteka dezagun. Lagun arteko momentu bat. Momentu perfektu bat.

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.