SOTOKO BERRIAK


Elkarrizketa paketatzea igortzea sotoa irulegi

Irulegiko Sotoko arno botilen paketatze eta igortze lanen arduraduna den David Falxaren elkarrizketa

20/12/2018

Egun on David,

 

Erraten ahal daukuzu nor ziren?


David Falxa niz, Baigorriarra.

 

Irulegiko Sotoan ari niz, 2000ko ekainaren 1.az geroz, erran nahi baita, orain, kasik 18 urte eta erdi.

 

Zer da zure lana?

 

Kooperatibako arno botilen paketatzeko eta igortzeko ardura badut.


Paketatzeak erran nahi du arnoak botiletan sartzea, etiketak ezartzea, tapa-gainekoak jartzea eta kartoietan antolatzea.

 

Igortzea da manatu guziak bidali behar diren egunean berean prestatzea, eta laster prest izan behar direnak preparatzea, gure bezero profesionalendako eta partikularrendako.

 

 

Botilak nora igortzen dituzue?

 

Frantzia osorako ari gira, upeltegiko maisuendako eta jatetxe ospetsu batzuendako, bai eta arnoa gure webgunean edo gure saltegian manatzen ahal duten partikularrendako ere.

 

Lurralde osora igortzen dugu baina gure merkataritzaren bihotza hurbil gelditzen da, Hego-Mendebaldean.

 

Frantzia mailako saloi gastronomikoetarat ere joaten gira: Pariseko eskualdea —bertzeak bertze Laborantza saloiarekin, nun azken 40 urteetan parte hartzen baitugu—, Marseilla, Tolosa Okzitania eta Frantziako Iparra.

 

Eta atzerrirat ere igortzen dugu, bereziki Belgikarat, Japoniarat, eta Espainiarat, baina azken hori kasik ez da konda, mendiz bertzaldean baita, hementxe berean... Esperantza dugu bertze herri batzuer ere gure arnoen dastatzeko parada eskainiko deegula, laster!

 

 

Zer da zure ibilbidea?

 

Hastapenean, ez nintzen batere postu huntan hasi. Saltegian eta saloietan partikularrer saltzeko hartu ninduten.

 

Saltegian lan egin dut, hamabortz urtez, 2015 arte, eta geroztik, proposatu dautaten postu hau okupatzen dut, ordezkapen baten egiteko; preseski, Sotoaren bertze alde baten ezagutzeak interesatzen ninduen. Eta bertze zerbait egin nahi nuen. Horretarako parada utzi dautate.

 

Baxo orokorra dut. Gogoeta eginik, laborantza mundutik heldu bainiz, ene jakitatea sakondu nahi izan nuen eta ACSE (Analyse et Conduite des Systèmes d’Exploitation) BTSa egin nuen.

 

Gero, lanean hasi nintzen.

 

Labatut-eko Géant Vert enpresan karista izan niz, gero Donibane Garaziko laborantza kooperatiban lan egin dut, Irisarriko Mendiko Lisan eta, azkenik, Donapaleuko Lur Berrin.

 

Baina arnoaren munduak ene interesa pizten zuen eta jendearekin harremana ukan nahi nuen, orduan, ene burua Irulegiko Sotoan aurkeztu dut. Eta dena hola hasi da.

 

Orduan, saltegian lan egin dut, baina hainbat hilabetez alderdi sozialean ere ari izan niz, formakuntzarat joan zen lankide baten ordezkatzeko, bai eta sotoan, hiru hilabetez, haurdun zen lankide baten laguntzeko.

 

Bertze esperientzia batzuk dira. Gauza anitz ikusi dut eta, horri esker, batzuen eta bertzeen lana ere konprenitzen dut. Salmentan baizik ez delarik lan egiten, ez dira horren ondorioak eta horren gibelean dagoena ikusten. Beraz, barneko mugikortasun hori xantza bat izan da enetako, problematiken konprenitzeko.

 

Orain, Claude-k eta Carlos-ek osatzen duten taldeko arduraduna niz; badu kasik 20 urte hemen ari direla. Talde ona da, eta talde iraunkorra.

 

Zergatik Irulegiko Sotoan lan egin?

 

Hemen lan egiteko, hemen bizitzeko xedea banuen. Eta ontsa gira Sotoan.

 

Nortasun kontua ere bada. Hemengo ekoizpena sustatzen du, eta egiteko gai girena erakusten.

 

Mahastizainen lanari balioa ematen dako, sormarkari ere. Jendea hemen atxikitzeko manera da.

 

Maite dugu egiten dugun lana, eta proiektua ere, inguruan dagoena, hori guzia segiaraztea.

 

Hara lan hortan engaiatzeko arrazoiak.

 

 

Zerez harro zira?

 

Egin lanaz harro niz. Kontent niz postu desberdinetan lan egiteko parada ukan baitut eta inguratzen nauten lanbideen ezagutza bat baitut.

 

Eta gero, pertsona gisa, kooperatibak aldarazi nau. Sotoan, 20 urteetatik 40 urteetara handitu niz.

 

Ireki nau. Esperientzia biziki baikorrak bizi izan ditut. Horri esker, hemen egonez, kanpora buruz irekitzeko, bertze norabait joateko eta bertze pertsona batzuen ezagutzeko parada badugu.

 

Ezagutza berri horiez eta ene izpiritua ireki izanaz harro niz, ez baita bakarrik Sotoan gertatzen, baina hornitzaileen artean ere bai. Ez da aski, adibidez, buxonak manatzea. Buxona egileen lan egiteko maneraz ere interesatu behar da, haien problematikaz eta haien jakitateaz.

 

Hori guziaz harro niz!

 

Milesker David.

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.