SOTOKO BERRIAK


Elkarketak jakiak arnoa irulegi-gorri

Zer jaki, Irulegi gorri batekin?

24/06/2021

Eguzkiarekin eta adiskideekin zintzurra bustitzen pasatu momentu goxoen ikurra izanik, arno gorria gure udetako laguna da! Baina pena litzateke pentsatzea Irulegi gorria arno fresko eta fruitu hutsa baizik ez dela, aperitifara mugatua. Gure gorriak beste mahasti batzuetan atzematen direnetatik oso diferenteak dira; beren oreka eta kontzentrazioari esker, jaki hautu zabal bat laguntzeko on dira, aperitifatik desertara.

Urrian, mahatsa osoki eskuz bildu ondotik, mahastizainek beren mahatsa gure esku utzi dute; mahats horiek heldutasun ederra dute. Gure arno gorriek bordeles beltza, axeria eta axeri haundia dute oinarri. Mahatsa tinkatu eta gero, zukua kupeletan sartzen da, eta alkoholaren hartzidura hasten ahal da. Hainbat hilabetez arnogintzan aritu ondotik, mahastizainez eta langilez osatu talde bat biltzen da, gure gorrien osatzeko eta sortzeko. Izpiritu kooperatibo hortan, nahasketa bakotxa egiten da gorri orekatu eta gormant baten sortzeko gogoarekin. Arnoak udaberrian sartzen ditugu botiletan, arnoaren fruitu guzia eta freskotasuna atxikitzeko.

Zure aperitifen apaintzeko, zure haragi erreak altxatzeko edo desertak sublimatzeko, Federico Giovanni gure enologoak gure arno gorriekin elkartzeko egoki diren jakiak zein diren jakinarazten dizu.

Kattalin gorria

Axeri mahatsen adierazpen ederrarekin, Sotoaren arno biologikoa fruitu-zaporeen adierazpen garbia da. Kattalin gorria kolore arrosa argikoa da. Sudur fin eta delikatua du ezaugarri, zitrikoak eta belar usaintsuak oroitarazten dituzten aroma batzuekin eta belar usaintsuen eta baltsamikoen izpiekin. Gustuaren aldetik, orekatuta da, ahoko lehen inpresio freskoarekin eta azken joriarekin. Arno gorri hori Asiako sukaldaritzarekin ederki elkartuko da, adibidez, izkirazko nem batzuekin: jaki horrek arno horren arabisagar aroma guziak agerraraziko ditu. Udako apairuetarako, ezin hobeki uztartuko da tomate-mozzarella sartze batekin, amuarrain ceviche batekin edo udako barazki tarta batekin. Haragien aldetik, zitroin eta kumino marinatu gerrentxoko oilaskoekin elkartzeak sorpresa BIKAINA ekarriko dizu.

 

Mignaberry gorria

Kantitate berean axeri eta bordeles beltz mahatsez egina, Mignaberry gorria Irulegiko Sotoaren ekoizpen enblematikoetarik da. Haren mertxika zuri eta granada izpiek lehen hurrupan harrituko zaituzte, fruta gorrien aromak ere hautemanen dituzularik. Ahoan, arno horren egitura konplexuak, freskotasunaren eta azidotasunaren artean, haren gozotasuna orekatzen du. Arno hori aliatu perfektua da uda honetarako, berdin pissaladière izeneko jakia, plantxan egin ganbak edo fruitu gorrien entsalada bat laguntzeko. Euskal kartaren jokatzeko, almendrekin prestatu amuarrain ttipi erreekin junta ezazu, zure gomiten pozteko. Mignaberry gorria biziki ontsa ezkonduko da haragi errearekin edo pastanagre gratinatuarekin.

 

Argi

 Nagusiki bordeles beltz mahatsetan oinarriturik, arno hori bere indarrarengatik nabarmentzen da. Tipula arrosaren koloreko arnoa da, mamitsua, oreka ederra duena. Sudur oso bizia du, arrosa eta andere-mahats ninika esentziekin. Ahoan freskura bizia eta azken nota samin dotorea ditu. Argik flora-konplexutasun ederra du, bioleta eta ezki ñabardurekin. Haren dentsitatearengatik, arno horrek mediterraneoko jaki guziak lagunduko ditu, hala nola tajina, musaka edo kus-kusa. Haragi erreekin edo arrainekin zerbitzatzea ere ideia ona izanen da. Piknika batean, azkenik, zerrikiekin, Nizako entsaladarekin edo gazpatxoarekin ontsa elkartuko da.

Ideia horiekin guziekin, zuri dagokizu jostatzea eta zure elkarketa gogokoena atzematea!

Alkohol gehiegikeria osagarriarendako lanjerosa da, izarian edatekoa da.